Entrevista en Berria (en Euskera)

El mundo puede cambiar, pero no cambiará solo.

Borroka desobediente eta ez-biolento bat aurrera eramateko gakoak biltzen ditu Frantziako Les Desobeissants mugimenduaren eskuliburuak. Bilbon aurkeztu berri du Lauferonek.

Ingeniari informatikoa da Romain Lauferon (Paris, 1981); bai, behintzat, ikasketei erreparatuz gero. Lanak, ordea, ez zuen asebetetzen haren sineste sendoa. Borroka desobediente ez-biolentoa iruditzen zaio bidea. Koherentzia bila, aktibista hasi zen, eta eragile desobedienteendako informatika lanak egiten bukatu du. Frantziako Les Desobeissants mugimenduak egindako Désobéir: le petit manuel (Desobeditu, eskuliburu txikia) aurkeztu berri du Bilboko Louise Michel liburu dendan. Borrokak antolatzeko gida eta ilusioa pizteko bide izan nahi du liburuak.

Liburua eskuliburu bat da teoriatik praktikara pasatzeko. Gaur egun, arazoak al daude salto hori emateko?

Politizatze lan bat falta da gizartean. Lehen, sindikatuek eta langileen alderdiek egiten zuten lan hori. Baina orain, ikusi dugu Frantzian nola igo den eskuin muturra politizatze faltagatik.

Desobedientziak gogobeteko luke behar hori?

Desobedientziak badauka gaitasun hori, baina, era berean, pedagogia egiten du ekintzen bidez: jendeak ikusten du nola hamabost pertsonak traba egin diezaioketen aurkariari, eta mila borroka irabazi.

Mezu bitxia zeukan aurkezpenean jantzita zeneukan kamisetak: «Mundua aldatu daiteke, baina ez da bakarrik aldatuko». Nork aldatuko du?

Guk geuk, ez dago beste inor. Ohitu gaituzte men egitera eta gogogabetzera. Egun, agintariak ez gauzka zapaldu beharrik: aski du herria deprimitzearekin. Liburuaren helburua da jendeari ilusioa eta konfiantza ematea berriro. Irabaztea da benetan lortu nahi duguna.

Mundua aldatzeko gogoa behar da, beraz?

Bai, bai. Pedagogia beharra ere badugu. Aurrez aurre makina indartsu bat daukagu: indibidualismoa bultzatzen du, eta, badirudi, norberak bere burua salbatu behar duela. Baina klima aldaketa gelditzeko ez da aski telebistari oihu egitea. Elkartuta indartsuagoak gara.

Desobedientzia zibila babesteko, esaten duzue egun erabiltzen diren tresnek indarra galdu dutela, hala nola manifestazioek. Bukatu da haien garaia?

Agintea moldatu egin da gure borroka tresnetara. Adibidez, 50.000 funtzionario bota nahi badituzte, esango dute 80.000 bota nahi dituztela. Kexatzeko, manifestazio bat egingo dugu, eta esango dute bakarrik 50.000 botako dituztela. Garaipen bat dirudi, baina hasieratik garbi zuten zenbat langile bota nahi zituzten.

Hurrengo urratsak biolentziarik gabeko desobedientzia ekintzak izan behar dira?

Horrek indarra ematen du. Gandhik eta Martin Luther Kingek irakasgaiak utzi dizkigute. Gandhik esaten zuen helburuak ez dituela bitartekoak zuritzen, eta munduan bakea lortu nahi badugu horra iristeko ezin dugula gerra erabili. Irakasgai hori garrantzitsua da guretzako. Izan ere, biolentzia ezak jende gehiago batzeko balio du. Eraginkortasuna ere garrantzitsua da.

Zergatik da garrantzitsua eraginkortasuna?

Ondo antolatu behar duzu borroka: helburu lorgarriak aukeratu, eta metodologia hori guztia estrategia global baten barruan erabili.

Antolakuntzari kapitulu bat eskaintzen dio liburuak. Garrantzitsua da ekintza bat aurrez ondo prestatzea?

Puntu asko ondo pentsatu behar dira aurrez, baina erraza izan behar da egiteko eta errepikatzeko. Adibide ona da Parisko COP21 goi bileran egin genuen kontragailurra. Dirua behar dute klima aldaketari aurre egiteko. Non dago dirua? Zerga paradisuetan. Zerga eskandaluetan murgildutako bankuetara jo genuen: aulkiak lapurtu genizkien. Horren ondo prestatuta zegoen ekintza, hiru minutuan banku kanpoan geundela aulkiekin. Hainbat egunetan errepikatu genuen ekintza. Egun batean, tankera horretako 30-40 ekintza izan ziren hainbat tokitan.

Gabeziak al dauzka antolakuntzak, egun?

Bi korronte daude. Batetik, maila politikoan hausnartzen duen jendea dago. Bilera asko egiten dituzte zer egin erabakitzeko. Askotan, bileretan hurrengoa noiz izango den erabakitzen dute soilik. Bestetik, korronte erradikalagoak daude, iraultzaileagoak. Sinetsita daudenei helarazten diete euren mezua, eta errepresioaren aurka indar handia galtzen dute: isunei erantzuten edo presoen aldeko borrokan.

Liburuak egiten al du alde baten alde?

Ikuspuntu kritiko bat sortzea du helburu. Politizatuak bultzatu nahi ditu egindako ekintzen eraginkortasuna neurtzera; eta erradikalak konbentzitu nahi ditu estrategiaren garrantziaz eta biolentzia ez erabiltzeaz.

Fuente: http://www.berria.eus/paperekoa/1845/032/001/2017-05-10/klima_aldaketa_gelditzeko_ez_da_aski_telebistari_oihu_egitea.htm

Deja una respuesta