Extinction Rebellion Bizkaia: Itotzen ari gara!
Gaur, Bilbon, abenduaren 20ko 20:00etan, Extinction Rebellion Bizkaiak salatu nahi du espezieen suntsipen masiboaren aurrean (eta, beraz, baita gizakion suntsipen posiblearen aurrean ere) euskal instituzioek erakusten duten konpromiso falta.
Beltzez jantzita, ahoa plastikoz betea eta plastikotan itotzen ari den argizko balea baten inguruan, ikusarazi nahi dugu zer nolako ondorioak dituen Gabon garaiak, energiaren eta baliabideen xahutzean eta hondakinen sorkuntza jasanezinean oinarritzen denean.
Madrilgo COP25aren ondoren, begi bistan geratu zen gobernuak ez daudela aurrean ditugun erronken mailan. Tokian tokikoari dagokionez, hementxe bertan ere, gure agintarien itsukeria nabarmena da, haien diskurtso berdeak gorabehera. Izan ere, eredu bidegabe eta jasanezinen alde egiten jarraitzen dute: autopista gehiago, gurutzaontzi gehiago, energia fosil gehiago, zabalkuntza urbanistiko handiagoa…
Erabaki kriminalen aurrean, gure kontzientziaren arabera jokatzea eta indarkeriarik gabeko desobedientzia zibilaren bidez matxinatzea gure eskubidea eta beharra da.
Extinction Rebellion mugimenduak egia nahi du: egoeraren larritasuna eta premia azaltzea. Ezin dugu begiak itxita jarraitu, krisialdi klimatiko eta ekologikoaren ondorioek gure zibilizazioaren kolapsora eramaten gaituztelako, horrek dakarren sufrimendu guztiarekin. Zientzalarien komunitateak ohartarazi gaitu: “oso denbora gutxi daukagu behar dena egiteko”. Bukatu dira oportunismoa, asmo oneko adierazpenak eta geruza berdea! Euskal instituzioek lege aldetik lotesleak diren politikak ezartzea exijitzen dugu, karbono igorpenak 2025erako zero hutsera jaisteko eta bioaniztasunaren galera murrizteko.
Trantsizioa gainbegiratzeko eta helburuak lortzeko, benetako demokrazia behar dugu, justizia klimatiko eta ekologikoaren arloan erabakiak hartuko dituzten Herri Batzarren bidez.
Bizitzaren aldeko matxino gehiago behar ditugu. Horregatik, Bizkaiko herritarrei dei egiten diegu Matxinadarekin bat egin dezaten. Espero genuen mugimendua gara. Gurekin bat egin!
Extinction Rebellion Bizkaia, maitasunez eta grinez.
Laster, argazkiak sareetan:
• Instagram
• Facebook
• Twitter |